Deusto Business School-eko ikasle eta irakasleek asiar herrialdera orain dela gutxi eginiko bidaia aprobetxatuko dugu, gure enpresentzat “txit ezezagun” den herrialde honek eskaintzen dituen aukerak xedez aztertzeko.
Ekialde Ertain, Asiar Hego-ekialde eta Mendebaldeko Afrikako merkatuetan sartzeko, Indian enpresa finkatu nahi duten enpresei erakargarri zaie asiar herrialdea. Eta India jada ez da bidaiari ausarten portu soilik; euskal enpresa askoren helburuko herrialdea ere bilakatzen ari baita. Gaur egun 60 enpresa komertzial eta produktibo baino gehiagok beren fabrikak Indian1 dituzte ezarrita, gure enpresa askoren jomuga denaren argumentua indartzen duen datua.
India munduko biztanle gehien dituen bigarren herrialdea da, Txinaren atzetik, 1300 milioi biztanle baino gehiagorekin. NDFren (Nazioarteko Diru Funtsa) arabera kokapen lehiakorra duen herrialdea bada ere, BPGaren %7,3ko hazkundearekin, azken urtetik asiar herrialdean fabrika ezarri nahi dutenei ere ausart izenondoa eman diezaiokegu. Merkatu berri batean sartzea tentuz aztertu behar den urrats handia da eta Indiak beste hainbat aldagai gehigarri daramatza bere gain.
Azken hamarkadan hazkunde ekonomiko ikaragarria izan badu ere, India oraindik pertsona behartsuen kontzentrazio handien duen herrialdea da munduan. NDFren arabera, bere “BPG per capita 2007tik 2020ra laukoiztu egingo dela” aurreikusten da eta baita Indiako BPGak Estatu Batuetakoa gaindituko duela 2050a baino lehen ere; baina ez dugu ahaztu behar India “sarrera baxuak izango dituen herrialdea izaten jarraituko dela hainbat hamarkadetan, BRIC herrialdeetakoa baino sarrera per capita baxuagoekin”.
Munduko Bankuaren arabera, gobernu indioaren lehentasun garrantzitsuenak sektore publikoaren, azpiegituren eraikuntzaren eta nekazaritza eta landa garapenaren erreformak izan beharko lukete, besteen artean. Euskal enpresek esperientzia duten sektoreak dira eta merkatu honetan aurreikuspen positiboekin sartzeko eta garatzeko gaitasun handiak dituzte.
Jaso edo CIE Automotive bezalako enpresa euskaldunek Indian fabrika ezartzeko abantaila lehiakor hori aprobetxatzen eta era, dudarik gabe, eraginkorrean integratzen jakin dute; milaka proiektu arrakastatsuekin haien gain, bai merkatu lokalean eta baita beste Ekialde Ertaineko herrialdeetan ere.
Ondoko puntuetan ekonomia lokalaren eta gure enpresentzat Asiaren bihotzean egoteak dituen abantailak laburki analizatuko ditugu.
Euskal enpresen jarduera nagusien eta Indiaren beharren antzekotasunak
Indiaren hazkundearen azkartasunak harekin batera azpiegiturak haztea dakar, beraz, euskal enpresek paper garrantzitsua har dezakete eginkizun horretan. Euskal enpresen jarduera nagusienak azpiegiturak eta erreminta makinak dira, Indiak interesa duen sektoreak hain zuzen ere. Indiara joan zen lehen euskal sektorea automobilgintza izan zen, erreminta makinen, osagarrien eta ekipo elektrikoen aurretik.
Bestalde, ezin ahatz India munduko software eta zerbitzu informatikoen lehen esportatzaileen artean dagoela, bi ekonomien artean interakzio eta enpresen lankidetza sustatuz.
Horrekin guztiarekin, euskal enpresa asko, CIE Automotive eta Gamesaren neurrikoak besteak beste, proiektu lokaletan inbertitzeko aukerak aprobetxatu dituzte. Baina tamaina txikiagoko enpresak ere aurki ditzakegu horien artean: Korta, Jaso, Ingeteam, Kide etab. hain zuzen ere.
Merkatu anitza: irisgarritasun handia
Indian enpresa ezartzeak ez du soilik merkatu horretara ixten, Ekialde Ertain, Asiar Hego-ekialde eta Mendebaldeko Afrikako merkatuetara mugak irekitzen baitira; produktuen garraio kostuak, eskulana eta teknologia gutxituz. Hesi kulturalaz ahaztu gabe. India eskualde anitzetan banatuta dago, zein baino zein desberdinagoak. Beraz, bakoitzaren kultura eta negozioak egiteko era jakitea ezinbestekoa da herrialdean arrakastarekin sartzeko.
Gobernu demokratikoa
Indiako gobernuak parlamentu britainiarrean dauka oinarria, batasunaren gobernu zentrala deiturikoa, Pranab Mukherjee presidentearen gidaritzapean 2012tik. Beraz, negozioak egiteko orduan klima egonkorra eskaintzen duen gobernu demokratikoa da.
Gizarte anglohizlaria
Indiako ezaugarrietako bat langile guztiek ingelesez jakitea da, kulturan murgiltzeko eta sarrera hesi hori gainditzeko faktorea.
Ingeniari formatuak
Ezagun da asiar herrialde honetako ingeniarien formazio zorrotza. NASAko langileen %32, Microsoft-eko langileen %34 eta IBMko langileen %28 inguru indioak dira, internazionalki duten onarpena agerian utziz. Euskal enpresa industrialek ingeniarien indar handi hori aprobetxa lezakete ideia berri edota proiektu enpresarialak aurrera eramateko.Gertutasuna eta ikuspegi internazionala
Azkenik, ezin da aipatu gabe geratu India merkatu internazionalek eskaintzen dizkien aukerei irekita dagoen herrialdea dela eta enpresen arteko lankidetza askotan parte hartu izan dutela. Eta bertako kultura, Asiako herrialde askotan gertatzen den moduan, harrera lagunkoia ematean oinarritzen dela.Horrekin guztiarekin, behin estrategiak aztertuta eta Indiak euskal enpresei eskain diezaioketen aukerak ikusita, ikuspegia zabaltzea eta elefante asiatikoaren berezitasunetan murgiltzea besterik ez da falta.
@idoiaiturbe edo @globalikbg –n jarrai gaitzakezu.
Deusto Business School-eko ikasle den Leire Azkueren lankidetzarekin eginiko artikulua, zeinek bere esperientzia eta merkatuaren pertzepzioa erakutsi digun Indiako bisitaren ondoren.
1 Euskal Industria eta Esportatzaileen Katalogoaren arabera
Si quieres leer la versión en castellano ir al post India, economía atractiva pero desconocida